viernes, 23 de abril de 2010

Kaleko salmenta ez da delitu izango, mozkina 400 euroz azpikoa bada

Nahikoa ez den arren, kaleko salatzaileen despenalizazioan aurrerapausoa egin dela dio SOS Arrazakeriak

Berria
23-04-2010

Kopia piratak saltzen dituzten pertsonen zigorrak arautzen dituzte Espainiako Kode Zibilaren 270 eta 274 artikuluek, eta artikulu horiek aldatzea onartu zuen Espainiako Parlamentuak iragan asteartean. Horren bitartez, irabaziak 400 euro baino handiagoak ez badira, kaleko saltzaileei ez zaie deliturik egotziko, falta bat baizik. Nafarroako SOS Arrazakeria elkarteak aitortu du begi onez ikusi dutela Espainiako Kode Zibilaren aldaketa, eta halaxe egin dute beste hainbat gizarte eragilerek ere. Hala ere, salatu du ez dela nahikoa, «oraindik ere faltsututako produktuak saltzeagatik etorkinak estradita daitezkeelako». Dena den, Nafarroako SOS Arrazakeriak argi du legedia aldatzea aurrerapauso bat izan dela kopia piraten saltzaileen eskubideetan.
Duela urte eta erdi, hainbat gizarte eragile eta etorkinen laguntzarako elkarte sinadurak biltzen hasi ziren, faltsututako CD eta DVDak kalean saltzen dituzten pertsonen zigorrak «neurrigabeak» zirela salatzeko. Halaber, Zigor Kodea alda zezaten ere eskatzen zuten. Hala, SOS Arrazakeriaren arabera, «kanpaina horrek fruituak eman ditu, nahiz eta ez diren nahikoa».
Izan ere, salatu dute oraindik Zigor Kodeak jasotzen duela faltsututako produktuak saltzea, delitu gisa beharrean, falta gisa. «Kopia piraten saltzaileen zigorrak kentzearen alde pauso bat eman da, baina oraindik Zigor Kodearen menpe jarraitzen dute, eta horren ondorioz pobrezia kriminalizatzen jarraitzen da», salatu du Armando Cuencak, La Hormiga Atomicako Migrazio eta Prekarietatearen Asanbladako kideak. Hala, eskatu du artistek euren obren etekinei esker bizi ahal izateko duten eskubidea Zigor Kodearen «neurrigabeko» erabileraren bidez aldarrikatzeari uzteko.
Zigortzen jarraitzeko aukera
SOS Arrazakeriaren irudiko, «legedi aldaketak kopia piraten saltzaileak zigortzen jarraitzeko aukera ahalbidetzen du». Hala, orain, saltzaileek, falta batengatik zigortuz gero, isun bat ordaindu beharko dute. Isuna ordaindu ezean kartzela zigorrak ezartzeko aukera dagoela dio Espainiako Zigor Kodeak. Cuencaren hitzetan, «kontuan hartuta kopia piraten saltzaileek dituzten diru sarrera urriek kaleko salmentan dutela jatorria, ezinbestean espetxe zigorrei aurre egiten jarraitu beharko dute».
Horrez gain, falta horiek paperik gabeko etorkinen egoera legeztatzeko aukera «zailtzen» dutela irizten dio Cuencak. «Egun Espainian indarrean dagoen Atzerritarren Legea aintzat hartuz gero, litekeena da kaleko saltzaile etorkin bat bere herrira estraditatzea kopia piratak saltzeagatik».
Bestalde, Cuencak azaldu du hainbat zalantza dituela legediaren aldaketarekin. Hauxe dio Espainiako Zigor Kodeak: «Kaleko saltzaile batek kopia piratak salduz erdiesten dituen irabaziak 400 euro baino handiagoak badira espetxe zigorra ezar dakioke».